XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Olerkaria Paseari Hutsa da (I)

EDORTA JIMENEZ

Bilboko planoa lehenengoz ikusten duen bisitariak ibaia ikusiko du, sugearen antzera etzanda, eta beronen gorputz erdi kiribilatuak aterpetzen edo inguratzen dituen multzo bi.

Multzo ttikiena aintzinako Bilbo da, zabalena Bilbao berria delarik.

Sugeak, hots, ibaiak, ardatzarena egiten du, esan daitekelarik, hobeto begiratuz gero eta beste konparazio batean sartzearren, dioskuroa dela huriaren irudia.

Dioskuro asimetrikoa, bestalde, ezen huri zaharra berria baino askoz ere txikiagoa bait da.

Huriaren plano edo mapak zenbat eta aintzinakoagoak, hobeto; halaxe begitandu dakioke bisitariari, gogoan izanik edozein tabernazulotan nahiz kafetegirik dotoreenean ere hantxe agertuko zaiola huriaren irudia, orman eskegita, Ertarokoak omen diren apaindura eta guzti.

Esan dezadan, bada, gertaera honek beronek aurreratzen duela gaingiroki baino ez bada ere ikutu nahi nituzkeen gaietariko bat, hain zuzen ere, huria eta beronen iraganaz eraikitzen den kontsentsuarena.

Hogeigarren mendeko huritarrak iraganari begiratzen dionean mapa bat ez du besterik ikusten, hau da, diskurtso mutu bat, zeinaren bidez denbora aro bitan banatzen bait da.

Bata da iraganaldia, legendakoa, ez-denbora edo, hobeto esanda, imaginarioan kontsentsu bidez gorde duguna huriaren, eta historiaren, laburbilduratzat.

Orainaldi hutsa da beste aroa.

Istilutsua, hots, consesus gabea.

Bisitaria esan dut, nahita, horrexen esperientzian oinarritu bait zen Gabriel Aresti Segurola Bilboren irudia emateko tenorean, Harri eta Herri liburuko hirugarren c) olerkian, hain zuzen ere Souvenir d'Espagne pour Mesdamoiselles Solanje eta Helena Gereziaga izenekoan.

Arte Ederretako Museoan dago poeta, hau da, dioskuroko alde berrian eta Solange eta Helena ditu alboan.

Museoa ikusten ari direlarik leihoak eurak ere koadroak dira, argiz eta irudiz beteriko laukiak.

Errakuntzarako bidea hortxe dago (pentsa bestela aspaldion Bilboko orma biluzietan zenbat leiho ez ote den pintatu, sekula ere izan ez diren beste leihoen minez, eta pentsa, baita ere, topikoa dela postergintzan koadroaren gainazal osoa hartzen duten alegiazko leihoena).

Zer da hori? Seinalatu zenuten leihotik.
Deustuko Eskola. Jesuitena.
Ez, hangoa. Egurrezko etxe haek.
Ijitoak, esan nuen lotsaturik.
Hurrutian entzuten zen trumoia.
Grekoa. Goia.

Dioskuroa berdin dikotomia.

Arestiren poeman argi ageri da alde bi dituen Bilbo huri eskizoidea.

Gogoan hartzekoa da, hildo honetan, ibaia bera izan dela eskizo-frenia hori markatu duena, nahiz eta Arestiren poeman aipatzen diren ijitoak eta Jesuitak alde berean egon, zeren hala badaude ere, historiak, berau ere suge, izan ohi dituen bihurrikeriengatik bait da.

Labur esateko, Bilboko planoa ikusten duenak burmuin antzeko bi ikusiko ditu, dioskuroko alde banatan jezarrita.

Hala ikusirik, zauria da ibaia.

Zauria buru bizefaloko hurian.

Ibaia zauri.

Bilboko ibaia merkatalbide eta ondasun iturria izan zen, ur-irudiaren zentzu ia literalean.

Haren inguruan eraiki zuten huri zaharra, orain kontsentsua diren mapetan ageri den hori berori.